Amaitu da ANUBIS 3.0

Kito. Amaitu da dena, itzali argia. Bi urte eta erdi ondoren ANUBIS 3.0ren azken atala kalean da. Gaduk hainbat arima gabeen istorioak kontatu dizkio bere robot leialari. Norman Swindle publizistaren istorioa, talentua eta arima nahasten zituen gazte harroputza. Bruno Siringhino kirol medikuaren istorioa, naturak ukatu zizkion garaipenak beste norbaiten bidez, eta edabe magikoen laguntzaz, lortzen zituen alkimista ausarta. Federico Artero zutabegile eta kalakariaren istorioa, sasiak sutzen eta iritziak saltzen dirutza egiten zuen berbontzi ustela. Imanol Etxeandia banku-langilearen istorioa, bankua zerbitzatzen eroso bizi zen zakur losintxaria. Yuang-Xing giza baliabideen zuzendaria, lankide koitaduak esplotatzen amets materialak egia bihurtzen saiatzen zen borrero errukigabea. Diruzaleak, ospezaleak, boterezaleak denak. Zertarako, bada, jende gehiago ezagutu? Azken atal honetan istoriorik ez. Beti itxita dagoen biltegiko ate misteriotsua zabaltzeko ordua da. Gaua jausten da gotorleku bakartuaren inguruan. Inoiz baino ilunago, inoiz baino astunago...

ANUBIS 3.0, 39. orrialdea (Xabiroi 21. zenbakia)

Eta, jakina, nola amaitzen den ikusteko Xabiroiren 21. zenbakia eskuratu beharko duzue, edo, bestela, itxaron bilduma osorik argitaratzen den arte. Ondo bidean 2012an izango da gertaera estralurtar hori. Ordura arte ez dut sarrera berririk idatziko blog honetan. Orain duzue aukera esperimentua benetan zer iruditu zaizuen ipintzeko. Aldeko zein kontrako iritziak eskertuko ditut.

ANUBIS 3.0, 41. orrialdea (Xabiroi 21. zenbakia)

Jaitsi oihala! Amaitu da funtzioa. Plazerra izan da zuekin aritzea, eta hala bazan edo ez bazan sar dadila kalabazan, eta atera dadila zuen herriko plazan. Ondo ibili, eta laster arte.


4 erantzun:

Jurgi said...

Zorionak Dani!!

Urte bi hauetan Xabiroi jasotzean gogoz bilatu dut bere orrietan Anubis-en atala. Lan ederra egin duzu.

Atzo irakurri nuen azkena eta laostia, a ze bukaera!! Ez nuen espero gaztetxoentzako komiki batean halakorik aurkitzea!! Hain zuzen Xabiroi zelako inpresio doblea eragin zidan. Jokaldi ona!! Hori da lanari bukaera memorable bat ematea.

Biba zu!

Dani Fano said...

Aupa Jurgi!

Hitz ederrak eta estimatuak, eskerrik asko. Oso gustura egin dut ANUBIS eta pentsatzen dut hori nabaritzen dela. Hori espero dut, behintzat.

Gaztetxoek hori eta gehiago merezi dute. Uste baino helduagoak dira beti, nik ere gaztetxo nintzela eskertzen nituen halako irakurketak. Ea gustatu zaien...

Laster arte,

Dani

Anonymous said...

Dani, barkatu zure blog-ean sartzeagatik... Barnan nago eta ez dakit zure helbide elektronikoa. Muxu haundi bat Nou Barris-etik. Aupa Reopla!!
Mkl

Dani Fano said...

Bai , bai... aupa Reopla! Aupa Nou Barris! eta biba zu, Mikel!!

Besarkada bat, eta goraintziak Nou Barriseko jendeari,

Dani