Bedford Falls-eko bankuak

Erraza da oso banku eta bankariez gaizki esaka aritzea. Futboleko arbitroak, enpresako nagusia eta Massiel bezala, gure bala dialektikoen biktima errazak izan ohi dira. Gainera, bankuek urteko irabaziak ezagutzera ematen dituztenean edo, adibidez, Jose Ignacio Goirigolzarri, BBVAko kontselari-ordezkariaren pentsio galaktikoaren berri jakinda, irainka hasteko gogoa baretu ordez, are gehiago pizten zaigu, ezta? Nola ez!

Baina bankuez idazten hasi behar nuenean Frank Capraren It’s a Wonderful Life (1946) filmaz gogoratu naiz. Gaztelaniaz ¡Qué bello es vivir! izena jarri zioten eta garai batean, urtero botatzen zuten Gabonetan. Berez, bankua jendearen proiektuak finantzatzen laguntzeko eratzen den enpresa izan daiteke. Diru apur bat dutenek sozietate batean biltzen dute eta ez dutenei maileguz ematen diete, euren proiektuak garatu ahal ditzaten.

ANUBIS 3.0, 26. orrialdea (Xabiroi 18. zenbakia)

Hala egiten zuen George Baileyk, James Stewartek antzezten zuen filmaren protagonistak, Bailey Building and Loan Association elkartean. Majo askoa zen George: dirutza egin beharrean, bere xedea Bedfrod Falls-eko jendea laguntzea zenez, ez zen bere zordunak baino dirudunagoa eta jasotzen zuen mozkin xumeak kontuak berdintzeko besterik ez zion ematen. Langile-klasearen ardura eta gaitasunarekiko konfiantzan oinarritutako erakunde bat zen hura. Capra maisuak George Bailey pertsonaiari Mr. Potter bankaria kontrajarri zion. Jendearen diru beharrak are gehiago aberasteko baliatzen zituen zahar xuhurra. Bankuaren eredua bankuen errealitatearen aurka. Egia da, ez gara bizi Bedford Falls-en.

It's a Wonderful Life (1946), Frank Capra. James Stewart eta Lionel Barrymore.

GEORGE BAILEY vs Mr. POTTER

Ez, ez gara bizi Bedford Falls-en, eta Geroge Bailey buru zuen sozietatea ez zen banku bat, Saving and Loan Association (S&L) delako bat baizik; alegia, hemengo aurrezki kutxen pareko erakunde bat. AEBko elkarte hauek hipoteka-krediturako kooperatibak izan ziren XX. mendeko lehen hamarkadetan sortu zituztenean; baina gerora, gehienak sozietate anonimoak bihurtu ziren, balore-merkatuetan errazago sartu ahal izateko. Goazen espekulatzera! Azkenean, betiko legez, Mr. Potter garaile. Baina dirudienez, gehiegi espekulatu zuten, eta 1980ko hamarkadan erakunde hauetako askok hondoa jo zuten. AEBtan, 1929ko depresio garaiaz geroztik, finantza kolapsorik handiena izan zen hura, eta 1999rako 150 mila miloi dolar baino gehiagoko kostua izan zuen.

Hala ere, ez omen dugu neurririk, ez eta ikasteko gogorik, eta espekulatzeko grina ere ez dugu galdu. Hamarkada bat beranduago, krisi handiago batean murgildu da AEBko finantza sistema eta, globalizazioa tarteko, mundu guztira zabaldu zaigu. Dirudienez, hala esan digute behintzat, hipoteka-kreditu arriskutsu ugari eman diote lanik eta ondasunik ez duen jendeari. Baina ez da hori okerrena -nire amets onenetan ere ez nuen espero bankuek jende txiroaren alde egingo zutenik, eta ez naiz orain hori gaitzestera etorriko-. Kontua da 20 milioiko etxe bat erosteko 30 milioiko kredituak eman dituztela, etorkizunean 35 balioko duen esperoan. Baina inflazio hori ez da gertatu eta mundu osoan zehar baliorik ez duten milioika pakete finantzario banatu dituzte. Gora espekulazioa eta neurririk gabeko kontsumoa!

ANUBIS 3.0, 30. orrialdea (Xabiroi 18. zenbakia)

Ondorioa: zoaz orain kreditu bat eskatzera! Azkenean, bankuarekin, beste hainbat gauzarekin bezala, gertuko harremana galdu egin dugu. Bankuak gero eta handiagoak dira eta gero eta globalizatuagoak, eta kreditu eskaerak onartzeko baldintza bakarra berme ekonomikoa izatea da. Inola ere ez berme pertsonala. Langilea, arduratsua eta esanekoa izateak ez omen du ezertarako balio. Baina, gaur arte, diruak ez du inor esaneko bihurtu eta esaneko jendeak bere ardura ekonomikoak betetzen jarraitu izan du nahiz eta diru falta izan. Jakin nahiko nuke zorrak ordaintzen ari ez diren horien guztien artean, zenbat ez ote diren dirudunak. Hipokresia kanpora: Gabon, gabon gabooon, dirua daukanari emon… eta besteak hor konpon.

ANUBIS 3.0, 28. orrialdea (Xabiroi 18. zenbakia)

ZILEGI AL DA DIRUTZA EGITEA?

Dena den, ezin ardura guztia bankuen gain utzi. Gu ere ez al gara espekulatzaile bihurtzen maiz? Begira bestela nolako arrakasta izaten duten sozietate piramidalek. Sekulako interesak eskaintzen dituzte, eta komisio mamitsuak banatzen dituzte koitadu berriak erakartzeagatik. Pozarren jasotzen ditugu irabaziak gero. Baina inork ez du galdetzen, edo ez du galdetu nahi izaten, ezerezetik nola sortu den etekin hori. Ez dugu galdetu nahi erantzuna begibistakoa delako: beste norbaiti jarri duena kenduz. Eta, tira, behin hasita, segi galdetzen. Zilegi al da dirutza egitea?

ANUBIS 3.0, 29. orrialdea (Xabiroi 18. zenbakia)

Dirua ez al da munduko baliabide naturalen metafora bat? Azken finean, lur jabetza eta ustiaketa-eskubideen irudikapena da, ezta? Non bizi eta zer janaren neurria ematen duena. Haur Hezkuntzako ekonomia aplikatuz, horrek zera esan nahi du: norbaitek asko edukitzeko beste batek gutxi eduki behar duela, zeren eta banatzeko dagoen opila ez baita mugagabea. Opilaren erdia batek jaten badu, besteentzat apurrak. Bai, nire silogismo merkeen lehen emaitzetako bat da: dirutza egitea lapurtzea da. Beraz, Madoff kasua, Fórum Filatélico eta beste iruzur horietako batean kaltetuak izan zaretenoi: izorrai! Begirune handiz, baina, izorrai!

Capraren filmaren bukaeran George Bailey gaixoa hondoa jotzeko zorian dago, baina prestu joango zaizkio herrikideak etxera dirua eskutan, pilatutako zorrengatik espetxera ez dezaten. Ez dut uste Emilio Botini antzeko zerbait gertatuta, haren etxera joango garenik gure sosak ematera. Baina jakin ezazue horixe bera egiten ari garela. Espainiako gobernuak Grupo Santanderrekoa den Banestori, adibidez, 1301 milioi euroko laguntza eman dio. Beraz, damurik ez izan eta segi bala dialektikoak errukirik jabe jaurtitzen.

ANUBIS 3.0, 30. orrialdea (Xabiroi 18. zenbakia)

Lucio Urtubia anarkista nafarrak bankuei dirua kentzea berreskuratzea dela dio, inola ez lapurtzea. 18 milioi euro berreskuratu zizkon AEBko Citybank guztiahaldunari eta mundu osoko talde iraultzaileen artean banatu zituen. Harrapatu zutenean, kartzela ekiditeaz gain, diru gehiago eskatu zion bankuari bidaia txekeak faltsutzeko erabili zituen plantxen truke.

Aupa Lucio, ni zurekin!


Oharra: Ikus John Bird eta John Fortune umorista ingelesen parodia famatua. Ezin da hipoteken krisia hobeto esplikatu.


Agur tintari!

Akabo erromantizismoa. Ordenagailua gure lanerako elementu garrantzitsua bihurtu zenetik, zenbait urtero inbertsio berriak egitera ohituta gaude. Eskaner berri bat atera dela, pantaila handiagoa nahi dugula, ordenagailu zaharra eztulka hasten dela “rotar lienzo” eskatzen diogunean… Kontua da beti ari garela gure tresneria digital aseezina asetu nahian. Askotan RAM memoria pintxo batekin nahikoa izaten da. Driver misteriotsu horiek webgune klandestinoetatik deskargatzen ere ikasi dugu. Baina beste batzuetan ezer ez da nahikoa eta otordu pantagruelikoa atontzeko ordua iristen da, eta iritsi zait. Ordenagailu berria erosi dut. Kristoren etxafuegoa!

Baina hau ez da izan bankete digitalerako egin dudan inbertsiorik nabariena. Wacom taula berri bat erosi dut: CINTIQ miragarria. Noizean behin, mundu digitaleko sasiberrikuntza piloaren artean, gure lan baldintzak hobetu ditzakeen zerbait asmatzen da, eta CINTIQaren kasua horixe da. Orain arte ez dut ordenagailuan inoiz marraztu. Erabili izan dut komiki orrialdeen konposizioa egiteko, irudiei kolorea emateko edo animazioak sortzeko, adibidez. Baina inoiz ez marrazteko edo tintara pasatzeko. Taula berri honek lehen egiten nituen gauza berak erosoago eta azkarrago egiten lagunduko zidala espero nuen, baina ezer gehiago ez. Saiatu nintzen arte.


Ctrl-Zren PARADISUA

Anubisen bineta batekin egin nuen proba. Lapitzaz marraztutako papera eskaneatu eta Photoshop programan hasi nintzen tintara pasatzen. Emaitza inprimatu eta aurreko ataletako tintekin alderatu nuen. Nik neuk ere ezin nuen bereiztu paperean egindakoa zein zen. Bizkarreko minik gabe, eskuko tentsiorik gabe, eskaneatzeko beharrik gabe, tinta kartutxoak eta errotulagailu berriak erosteko beharrik gabe eta, gainera, Ctrl-Z magikoak baimentzen duen alferkeriaz. Tira, paradisua! Bistan duzue emaitza. Banku-langilearen atal honen tinta guztia erabat birtuala da.


ANUBIS 3.0, 28. orrialdea (Xabiroi 18. zenbakia)

Bai, badakit; alde batetik, pena da. Paperezko orijinalik ez dago, argi-mahai zaharraren xarma galtzen da eta marrazkilarien eskuak pianisten eskuetatik bereizten zituzten atzamar tintaz lohituak galdu egingo dira betiko. Zaudete lasai, ordea; oraingoz behintzat, lapitza ez dut ordezkatu eta zirriborroak betiko mahaian egiten jarraituko dut. Baina, batek daki…

Esandakoa: akabo eromantizismoa!

Zer ote zen indarkeria?

Agian, kode penalak ondo tipifikatua izango du. Bultza egiteagatik, sei aste eta egun bat -amildegi baten aurrean izan bada, bider hamaika egin-. Ukabilez muturreko bat emategatik, lau hilabete. Muturrez emandako muturrekoa bada, bi arrasgorri. Ostikoka erasotzeagatik, area barruan, penaltia, eta kantxaz kanpo, bost urte jokatu gabe. Egongo dira nonbaiten idatzita halako baliokidetasunak. Erraza da agerikoa ikustea. Zaplastekoak ikusgai dira, eta zenbaitetan ikusgarriak. Baina zaplastekoa zergatik eman den aztertzen badugu, erantzuna ez da ageriko erasoaren irudia bezain sinplea izango. Seguru.

Gizarteak – nor/zer ote zen gizartea?- sistema bat aukeratzen du bizikidetza antolatzeko. Muga fisikoak adosten dira. Demagun: Zorolandia edo Zuhurlandia. Sistema politikoa ere bai. Demagun: Monarkia-demokratiko-alderdi-bikoa edo diktadura-iraultzaile-alderdi-bakarra. Eta sistema politiko horri atxikita sistema ekonomikoa. Demagun: liberalismo-basatia edo komunismo-pribatua. Bizikidetza antolakuntzaren oinarriak ipinita, antolakuntza horren iraupena bermatuko duen araudia idazten da: legea. Ederki, badugu sistema bat eta sistema horretan nola jokatu behar den adierazten digun araudia. Baina zer gertatzen da sistema horretan kaltetuak izan direnekin? Hau da, zorolandiar edo zuhurlandiar sentitzen ez direnekin? Monarkia edo diktadura nahi ez dutenekin? Edota, langabezian edo pobrezian, baliabide ekonomikorik gabe gelditu direnekin? Sistema barrutik egoera aldatzeko aukerak dituzte, ala beti izango dira zanpatuak edota baztertuak? Sistema ez al zaigu bihurtu gutxiengo kaltetu horiek kontrolatzeko tresna hutsa? Ez al zuen izan behar norbanakoaren askatasuna bermatuko zuen esparru bat? Sistema bera ez al da baztertuak izan diren horiekiko indarkeria modu etengabe bat, baita demokrazia santuan ere? Baliteke. Zantzu mordoxka badago. Gehiengoak egiten du aukera. Baina gehiengoa zer den edo nortzuk diren ere manipula daiteke, eta manipulatzen da. Gehiengoa nortzuk osa dezaketen bozka-zenbatzaileak agintzen du. Ala denok egin dezakegu bozka? Ala aukera guztiengatik egin daiteke bozka? Trebiñotarren gehiengoak, adibidez, arabarra izan nahi du eta anexioaren alde dago. Ez, ordea, Burgoseko gehiengoa. Baina, askatasun faltsu batez mozorroturik, ondo baino hobeto saldu digute sistema. Zoaz bozkatzera eta zure askatasuna erabil ezazu noizean behin; horren truke, betiko oligarkia boterezaleak sudurraren puntan ipintzen zaiona egingo du. Baina ez kontuak eskatu, gero, zuk zeuk aukeratuak izan baitira! Barrez lehertzekoa, ezta? Edo ez?… Hala ere, ganbara pitzatu baino lehen, natorren atal honen harira.


IRITZIGILE PROFESIONALAK. SEGURTASUN INDAR PARALELOAK
Sistemaren iraupena bermatzeko, bere araudia betearazteko, segurtasun indarrak daude: polizia eta armada. Indarkeriaz aritzen direnak, jakina. Baina gaur egun, askatasun mozorroari eutsi nahian, komunikabideetako mezuaren kontrola erabiltzen da sistemaren iraupena bermatzeko. Modu sotilagoa eta eraginkorragoa. Telebista, egunkari eta irrati asko enpresa handi, banku eta alderdi politikoen zerbitzura ari dira; eta komunikabide horien lehen lerroan, esatari, zutabegile eta kalakari mertzenario sorta amaigabea.

ANUBIS 3.0, 20. orrialdea (Xabiroi 16.zenbakia).

Bazterrak nahasten trebeak, eta nagusiaren eskua miazkatzen are trebeagoak. Euren iritzia diru truke saltzen dutenak eta ezberdinaren aurkako mezu bortitza zabaltzen dutenak. Harroputzak, demagogikoak, dogmatikoak. Soldatapeko iritzi emaileak. Euren parean dagoena entzun nahi ez eta euren hitzaldi erraza behin eta berriz errepikatzen dutenak. Denak dira eztabaidak: zuk ez, nik bai. Solasaldi gutxi, elkarrizketarik ez. Gorrotoa ereiten han eta hemen dabiltza, euren tronu segurutik. Ez al daude askotan zaplastekoa ematen duen eskuaren atzean? Hori bai, atxilotuak beti zaplasteko jotzaileak.

ANUBIS 3.0, 21. orrialdea (Xabiroi 16.zenbakia).

Baina ez gaizki ulertu, ez nator kode penalaren hedatzea eskatzera. Ez ditut espetxeak esatariz edo kalakariz bete nahi – a ze pakea emango zuten, ezta?-. Ez dut, sikiera, presondegi-sisteman sinisten. Ez. Begirada zuzentzearekin konformatuko naiz. Gure begirada, gizarte tronpatuaren begirada, zaplastekoa jo duenarengana zuzentzeaz gain, zaplasteko horri arnas eman dion dogmazalearengana ere zuzentzea. Ardura senti dezan, amiñi bat, bederen.

ANUBIS 3.0, 22. orrialdea (Xabiroi 16.zenbakia).

Kalakari salduak. Batzuk besteak baino zimarkunagoak, batzuk besteak baino salduagoak. Denak guztiologoak. Gorrotogileak. Beti boterearen alde, beti ahularen aurka.

ANUBIS 3.0, 23. orrialdea (Xabiroi 16.zenbakia).


Goi mailako kirola, nork eta nola?

Behin zera entzun nion gure pertsonaia nagusia izan zitekeen kirol aditu bati: "zer ote da garrantzitsuena goi mailako kirolari bat izateko?" Berehala ohartu nintzen ez zela galdera erraza, izan ere, pertsona baten etorkizuna faktore ugarik baldintzatzen baitute. Nire zoroan, burua zela pentsatu nuen, borondatea goiko sabaian kokatzen baitut, eta ezer gutxi egin daiteke borondatearen baimenik gabe. Gainera, izaki sentibera eta afektiboak garela sinistuta, gure ekintza guztiak afektibotasun horren adierazpen direla pentsatu nuen. Bai, argi nuen: burua da. Adituak, ordea, irribarretxo maltzurra egin eta behin betiko epaia eman zuen, entzuleriaren ezjakintasuna azpimarratuz: "haren gurasoak!". Alegia, ez zegoela zer eginik goi mailako lehiaketan, superkirolariaren neurri eta gorputz-gaitasunak kode genetikoan letra lodiz idatzita izan ezean. Lasterketa-zaldia izateko, zaldi odolgarbia izan behar zela; gainerakoan, lasterketa-zerria besterik ez.

Eta bai, baliteke. Nekez izango da inor saskibaloi jokalari profesionala, baldin eta kode genetikoan metro eta erdiko garaiera aurreikusten bazaio. Baina are nekezago gogo eta lanerako prestutasunik gabe, bi metroko altuera izanda ere. Eta lasterketa-zerriak partida irabazten badu, bost axola niri! Zoritxarrez, egungo kirolean gihar-biopsiak zein odol-azterketak nagusitzen ari zaizkie pazientziari eta heziketari. Azken batean, gizakiaz nolako iritzia izan, halako metodologia aplikatuko, ezta?

ANUBIS 3.0, 17. orrialdea / Tyrone "Muggsy" Bogues, NBAko jokalaria. 1,59 m.

KIROLA GIZAKIAREN ZERBITZURA ALA GIZAKIA KIROLAREN ZERBITZURA?
Baina kirola ez dago gizartearen gaitzetatik aske. Hipermerkatu handietako kutxazainak edota lantegietako kateetako langileak aberetzat hartu eta hala tratatzen badira, ez da harritzekoa goi mailako kirola ere ganadu-feria bihurtu izana.
Izan ere, eliteko kirolak neurriz kanpoko oihartzuna hartu du. Pentsa: telebistako albistegietan, esatari bakar batek politika zein kultura, bertako zein nazioarteko berri guztiak kontatzen dizkigu, eta beste batek kirol berriak besterik ez! Joko Olinpikoetan tregua militarrak egin izan dira. Erakunde publikoek sekulako aurrekontu-sailak eskaintzen dizkiote goi mailako kirolari, eta erlijioaren ordezkoa ere bihurtu dela diote beste batzuek.
Ospea ahalbidetzen du, gizartearen esker ona eta, zenbait kasutan, diru etekin itzelak; eta, jakina, helburua erakargarria izanik, handinahia ere ondo errotu da bertan. Edozer egitea balekoa da. Osasunetik haratago doazen saioak egiten dira, behin eta berriz, gerora lesio kronikoak nahiz artrosi goiztiarrak eragingo dituztenak. Eta, nola ez, debekatutako substantziak ere hartzen dira. Batzuk beharrezkoak horrelako saioak jasan ahal izateko, beste batzuk arriskutsuak kirolariaren osasunarentzat, eta gehientsuenak albo-ondorio ezezagunak dituztenak. Dena den, bakotxa bere zoroa bizi dabe. Adinez nagusiak dira euren erabakiak hartzeko. Bai, ezta?…edo ez?

ANUBIS 3.0, 15. orrialdea (Xabiroi 13.zenbakia).

Kontua da zein adinarekin eskatzen zaion kirolariari goi mailarako bidea hartu-ez hartu erabakitzea. Eta, batez ere, zein informazio jasotzen duen, dominak bukatzen direneko biharamunean izan ditzakeen ondorioei buruz. Ez gaitezen nahastu, hala ere; ez dira kirolariak izan substantzia lagungarriak hartzearen asmatzaileak. Kirol-mediku, entrenatzaile, prestatzaile fisiko, klubetako agintari zein kirol-federazioetako arduradunek sustatu dute, eta askotan baita kirolaria behartu ere edabe majiko horiek hartzera. Batzuk interes politikoak eraginda, besteak ospearen bila. Batek daki!, nahiz eta zigorra beti kirolariak jaso duen.
Ez, kirolariak ez dira errugabeak. Baina marka da gero, besteak beti onik ateratzea.

MIEL OTXIN ETA MARKITOS. GURE KLUBEKO IZARRAK
Amaitzeko, inauterietan erretzen den lastozko panpinari bezala, eliteko kirolariari er
e su ematen zaio mundua bere oinetara jarri eta gero, eta laster batean abandonatua izaten da. Agur eta ohore. Edota, kasu gehienetan, ohorerik ez. Ez da erraza goi mailako kirola uztea, 30-40 urterekin zer egin ez jakitea, eta aurreko urtetan egunean hamaika orduz aritu zaren horretan, mailarik eman ezin, eta beste zerbait asmatu behar izatea. Kazetariren bat beti zain, eta orain inor ez. Haur eta gaztetxo mordoa sinadurak eskatzen, eta orain inor ez. Lehen munduaren miresmena, axolagabetasuna orain. Baina ez gaizki ulertu, ez dut proposatuko munduak miresmen horri betiko eutsi diezaion. Are haratago, miresmenik ez izatea nahiko nuke. Harritu egin gaitezke kirolariek egin ohi dituzten balentriekin, edota gozatu haien trebetasun ikaragarriak ikustean. Baina inola ere ez miretsi galtza motzetan saltoka dabiltzan gaztetxo hauen zilipurdiak. Bai, ahaztu egiten dugu maiz, galtza motzetan dabiltzan gaztetxoak besterik ez direla.
Nire ametsetan – beti ametsetan! - miresmena beste batzuentzat gordetzekoa da: berebiziko diru eskaintzari muzin eginez malariaren aurkako lehen txertoa OMEren (Osasunaren Mundu Erakundea) esku utzi zuen Manuel Elkin Patarroyorentzat, Amazoniako indigenen alde borrokan bere bizitza eman duen Pere Casaldaligarentzat, edota tortura eta heriotza isiltzea baino nahiago izan zituen Victor Jararentzat, adibidez. Noizko hauen argazkiak gure seme-alaben koadernoak apaintzen?

Dena den, jakin ezazue maite dudala kirola egitea. Biziki maite dut, gainera. Bere beharra dut. Astero elkartzen naiz sasi-pilotari talde batekin, auzoko trinketean nire trebetasun eskasak estutu eta haiekin gozatzeko. Gero, zerbeza eta Kas-limon pitxar baten aurrean solasean aritu eta ederki bazkaltzen dugu. Lasterketa-zerri laukote ederra.


Irudiei kolorea ematen

Blogaren sarrera hau osatzerakoan, irudiak koloreztatzeko garatu dudan prozesuan erabateko anarkiak agintzen duela konturatu naiz. Marrazteko eta tindatzeko unean metodikoa eta zorrotza naizen bezala, behin ordenadorearen aurrean lasaiturik, fundamentua galdu, eta aldapeko sagarraren sudurraren puntan jartzen zaidana egin ohi dut bineta bakoitzean. Ez nuen uste, baina hala da.
Zenbat kalte egin duen CONTROL-Z komandoak! Azkenean, bineta parea aukeratu eta haren jarraipena egitea erabaki dut.

Anubis 3.0
lanerako kolore garbiak nahi nituen, trama eta ñabardura gehiegirik gabe. Gehienetan, hasteko, kolore sinpleak ematen ditut, margo-potoa eta pintzelaren tresnak baliatuz. Askotan, kolore bakoitza kapa ezberdin batean, eta gero kapa horri atxikitako beste kapa batzuetan itzalak eta distirak, pintzelaren tresnarekin. Itzalak eta distirak margotzeko kapa-fusio ezberdinak erabili ohi ditut. Gehienetan: NORMAL, MULTIPLICAR, LUZ SUAVE edo SUPERPONER. Koloreak osatutakoan kapak elkartzen joaten naiz, baina pertsonaiak eta atzealdea bereizturik mantentzen ditut, bukaerako akaberak egin arte.

ANUBIS 3.0, 14. orrialdea (Xabiroi 13.zenbakia).

Amaitzeko, kolorea zuzentzeko eta irudiaren argia bateratzeko hainbat kapa berezi erabiltzen dut. Lehenik, COLOR fusioaz kolore bat bineta guztiari eman, xuabe-xuabe. BRILLO/CONTRASTE ukitu bat hor, TONO/SATURACION ukitu bat hemen, edo IGUALAR COLOR apur bat. Eta kito. Hobe bere horretan uztea, egindako lana izorratu aurretik. Bihar begi berriez ikusiko dut.

Dena den, beste batzuetan bineta osoari oinarrizko kolore bat ematen diot eta gero, fusio-kapa ezberdinetan, xehetasunak eta kolore gamak. Honako binetan adibidez:

ANUBIS 3.0, 14. orrialdea (Xabiroi 13.zenbakia).